XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Prest al zaudete!- galdetu zuen Jerryk.

- Aska ezazu!- esan zuen Spillanek deiadar batean, haizearen orroak gainditu nahian.

Hitz hauen ondoren, senar-emazteek eskuak soltatu eta bagonetari heldu zioten indarrez.

Jerry frenua soltatzen hasi zen geldiro eta arreta handiz.

Danborra bueltaka hasi zen, kablea inguruan biltzen zitzaiolarik.

Bagoneta, berriz, aurrera zihoan kablean zehar.

Jerryk behin baino gehiagotan jarria zuen martxan kable hura, baina beti bere aita ondoan zuela.

Frenuaren bidez, bagonetaren abiadura erregulatzen zuen.

Behar-beharrezkoa zen, zeren haizeak izugarrizko balantzadak eragiten baitzizkion eta bazirudien barruan zeudenak irauli egin behar zituela halako batean.

Erauntsiak hartu zituen eta Jerryk ez zeukan arrastorik bagoneta non zegoen jakiteko.

Hori bai, kableari begiratzen zion adi-adi, danborraren inguruan biltzen zen bitartean.

Hirurehun oin, hirurehun eta berrogeita hamar, larehun, larehun eta...- hala kontatzen zuen bere baitan, kablearen markak pasa-ahala.

Halako batean, kablea gelditu egin zen.